Ustezko hiru ETAkide eta hiru laguntzaile eta 250 kilo lehergai harrapatu dituzte Bartzelonan.
      GARAn agertuta 2001eko abuztuaren 25a.


      SAREKADA POLIZIALAK KATALUNIAN ETA GIPUZKOAN
      Ustezko hiru ETAkide eta hiru laguntzaile eta 250 kilo lehergai harrapatu dituzte Bartzelonan

      * Fernando Garcia Jodrak, Nerea Bengoak eta Unai Lopez de Okarizek komando bat osatzen zutela diote * Euskal Etxearen egoitzara sartzen saiatu zen gero Guardia Zibila horretarako baimenik izan gabe

      Guardia Zibilak sei lagun atxilotu eta armak eta 250 kilo baino gehiago lehergai atzeman zituen atzo Bartzelonako hainbat tokitan egindako operazio batean, Mariano Rajoy Barne ministroak jakitera eman zuenez. Polizien susmoen arabera, hauen artean «Bartzelona komando» berria osatuko luketen hiru lagun daude, eta beste hirurak «laguntzaile legalak» lirateke. Dirudienez, duela aste batzuk ihesean zebilen Fernando Garcia Jodra Bartzelonan ikusi zuen Guardia Zibilak, eta hortik etorri da sarekada hau. Operazio honen barruan, Euskal Etxea miatzen saiatu ziren poliziak, bertan aritu baita atxilotuetako bat.

      Ramon SOLA | BARTZELONA

      Fernando Garcia Jodra, Nerea Bengoa Ziarsolo eta Unai Lopez de Okariz dira, Mariano Rajoy Barne ministroak esan zuenez, «Bartzelona komandoa» osatzen zuten hiru ETAkideak. Hauekin batera, «kolaboratzaile legalak» direlakoan Peru Alvarez Fernandez de Mendia, Ure Comas Riera eta Laura Riera Valencia eraman zituen Guardia Zibilak atzo goizaldean.

      Sarekada Bartzelonako Villarroel kalean dagoen alokairuzko etxebizitza batean, Terrassan eta Argentonan gertatu zen, hiruretan aldi berean. Lehenengoan Garcia Jodra, Bengoa eta Lopez de Okariz atxilotu eta lehergaia aurkitu omen zuten. Bigarrenean, Laura Riera zegoela esan dute, eta, Argentonan, berriz, ustezko beste bi laguntzaileak.

      Rajoyk Pontevedran emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, ekintzak egiteko material ugari eraman zuen Guardia Zibilak. Artean, 250 kilo lehergai baino gehiago, seguru asko Grenoblen lapurtutakoa, omen dago, eztanda egiteko beharreko tresnekin batera, hauetako batzuk elektronikoak. Honezaz gain, lau pistola eta subfusil bat aurkitu zutela esan dute polizia iturriek, bai eta dokumentazio «ugari» ere. Terrassan etxetik ordenagailua eta disketeak atera zituztela azaldu zuten lekukoek.

      Operazioa oraindik itxitzat eman ez badute ere, «komandoa bere osotasunean desegitea lortu dugu», aurreratu zuen Mariano Rajoy. Bere ustez, urtarrilean Jose Ignacio Krutxaga eta Lierni Armendarizen atxiloketekin Poliziak desagertutzat zuen «Bartzelona komandoa» berriro osatua zuten Garcia Jodrak, Lopez de Okarizek eta Bengoak. Honen asmoak, ministroaren ustez, aurrekoak zituenen «antzekoak» lirateke, hots, «pertsonen aurkako eta interes turistikoen aurkako atentatuak egitea».

      «Duela aste batzuk»

      Bartzelonan Guardia Zibilaren zuzendari nagusia den Santiago Lopez Valdivielsok esan zuenez, poliziek Fernando Garcia Jodra ikusi zuten «duela aste batzuk» Villarroel kalean, eta orduan jarri zen abian operazio hau. Auzokide batzuek zehaztu zutenez, bertan atxilotutako gazteak duela hiru hilabete inguru agertu ziren hor lehenbizikoz. Sarekada atzo egitea erabaki zuten azkenik, antza denez lorontzi handi bat erosi berri zutelako atxilotuek eta guardia zibilak ekintza bat prestatzen ari ote ziren beldurrez zeudelako, Lopez Valdivielsok berak komunikabideei jakinarazi zienaren arabera.

      Zehaztasun gehiagorik ez zuten eman. Esate baterako, joan den larunbatean Saloun gertatutako eztandarekin zerikusirik ote duten argitzeko «goiz dela» esan zuen Rajoyk, eta «berek ez dutela egin» uste duela gaineratu zuen Lopez Valdivielsok.

      Operazioa Pontevedratik jarraitu zuen Barne arloko ministroak, bere laguntzaile gertuena den Pedro Morenesekin batera. Gainera, pasatu den astean martxan jarri zen koordinazio polizialerako ezarritako prozedurari kasu eginez, atxiloketak hasi baino lehenago Ertzaintzako agintariei jakinarazi zitzaien, bai eta Mo- ssos d''Esquadra-koei ere. Astelehen eta asteartean guztien arteko bilerak egingo dira, aste honetan gertatutako operazioetatik ateratako datuak trukatzeko.

      Euskal Etxera sartzeko zorian

      Atxiloketa hauek egin eta ordu batzuetara, Guardia Zibila Bartzelonako Placeta Montcadan dagoen Euskal Etxean agertu zen, berekin Peru Alvarez zeramatelarik. Egoitzaren sarreran dagoen taberna eta jatetxean azaldu ziren, baina hango arduradunek epaileen agiria eskatu zietenean, ezer ez zutela onartu behar izan zuten. Ikerketa Entzutegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiaren eskuetan dago, hau da, Baltasar Garzonen bulegoaren menpe.

      Euskal Etxeak ohar baten bidez argitu zuenez, komunikabide batzuek zabaldutakoa gezurtatuz, Guardia Zibilak ez zuen lokala miatu. Epaileen agiririk ez zutela esan zietenean, bertatik Entzutegi Nazionalera deitu zuten, eta Madrildik «eskaera horrek inolako justifikaziorik ez zuela-eta ukatu egin zieten», jakinarazi zuten Euskal Etxearen arduradunek.

      «Zabaltzen dituzten berriekin zuhurki jokatzeko» eskatu zieten Euskal Etxekoek komunikabi- de guztiei, «gune kultural honen irudia serioski kaltetu dezaketelako». Beren aldetik, ''''El Punt'''' egunkariko langileek haien elkartasuna adierazi zioten lankidea duten Ure Comasi.

      Índice home